Eguraldia | castellano | 2012ko maiatzaren 18a
aquí esta la fechaIbañetako lepoa hegazti migratzaileen pasabide garrantzizkoa izateaz gain, hegazti gehien pasatzen diren Pirinioetako lekuetako bat da. Horregatik, eskualde honetan dauden usategiak (Luzaide, Orreaga eta Aurizkoak) Nafarroako preziatuenetakoak dira. Auritzen ez dira usategiak enkantean ematen, herriko ehiztari elkarteak erabiltzen baititu.
Migrazio garaian ez dira bakarrik usoak pasatzen, abuztuaren hasieratik miruak, sorbeltzak, buztanikarak, hegatxabalak, oilagorrak eta araba-zozoak ere ikus daitezke. Ikusgarrienak kurriloak eta antzarak izaten dira, batez ere egiten duten zaratarengatik.
Hegaztien artean aipagarriak dira okilbeltza eta okil gibelnabarra; horiek kabiak pagoen enborretan egiten dituzte. Aurizko oihanetan beste hegazti batzuk ere ikus daitezke: okil berdea, basoetako gerri-txoriak, garrapoa, okil handia, arrano sugezalea, zapelatz arrunta eta lertxun hauskara.
Barietate ornitologiko honi esker eta baita oihanen zabalera zein biztanle dentsitate bajuari esker, eskualde honetako zati handi bat Komunitatearen Intereseko Lekua kontsideratu dute, interes orokorreko eskualdeetan legearen babesa duen figura, alegia.
Oihanetako zuhaitzen azpian, gauetako tenperatura freskoez eta larrazkeneko egun epelez (udaberrian baita) lagunduta, jakirik preziatuenetako bat aurki dezakegu: onddoak eta zizak. Nahiz eta barrutia izan, jende asko etortzen da bazter guztiak miatzera onddo beltzak hartzeko. Onddoak eta zizak etxean jateko bakarrik har daitezke, gehiago bildu eta saldu nahi dutenek Udalaren baimena behar dute.
Herritarrek asko maite duten produktua patxarana da. Irailean hartzen da eta anisarekin zein beste osagaiekin (kafe aleak, kamamila loreak,...) beratu ohi da hain estimatua den likorea. Aurizko ondasunik preziatuena egurra da. Herriko oihanak zentzuz ustiatu ohi dira, lehentasuna zuhaitz zaharrenak mozteari emanez, beti ere gutxieneko zuhaitz kopurua utziz, horrela horien haziei esker zuhaitz gehiago sortuko direla ziurtatzen da.
Pinuzko baso-berritze gutxi egin dira eta, horri esker, paisaia eta bertako naturaren baldintzak bere horretan mantendu dira. Herriko oihanetan pinuak %5 besterik ez dira; pagadiek 1000 ha baino gehiago hartzen dute, eta 50 ha alertze, izei eta douglas izeiez osatuak dira.
Antufa, Antsobi, Osamieta eta Oiarbu izeneko inguruak, Udaleko pagadien kalitate handia erakusten dute, eta horien kudeaketa ongi egin denaren eredu dira, Nafarroako beste tokietan gutxitan lortu dena. Zura erosten dutenei asko gustatzen zaizkie Aurizko Udalak urtero, enkante publikoren bidez, saltzen dituen zuhaitzak. Oihan hauetatik lortzen du Udalak diru gehien, eta, horregatik, diru horren zati bat oihanak mantendu eta hobetzeko erabiltzen du, garbitu, baso-berritu, kimatu, etab.
Urrobi ibaian ibairatzen diren erreketan bizi diren animalien artean amuarraina nabarmentzen da. Ur garbi horietan arrautzak erruten dituzte eta kumeak hazten dira. Auritz eta Aurizberri artean dagoen kolektorean eskualdeko ur zikinak biltzen dira; horri esker sahiesten da zaborrak Urrobi ibaira joatea.
Anfibioen artean arrabioa eta uhandre piriniarraz gain, baso-igel gorria dago; azken hori babestutako espeziea da urte batzuetatik hona, eta, horri esker, errekuperatzen ari da, putzuetan arrautzak erruten ohi dituztelako.
Ugaztun handiei dagokienez, basurdeak, orkatzak eta oreinak daude.