Eguraldia | castellano | 2012ko maiatzaren 18a
aquí esta la fecha
Sarrera
Aurizko historiari hurbiltzea mundu magiko batean sartzea da; paisaiak, bideak eta monumentuak herriko bizilagunen abegitasunaz mintzo dira.
Bisitariak mugaldeko eskualdea aurkituko du. Herri asko pasatu izan dira hemendik eta badago mendi hauetatik pasatu izan ziren zaldunen historia ugari ere. Auriztik pertsonai ospetsuak pasatu izan dira: zauritutako Karlomagno, inguruaz biziki gozatu zuen Hemingway idazlea, karriketan barna jostaketan ibili zen Juan Ramon Jimenez, ... Lasaitasun eta pake sentimenduak harrietan; izandako sute ikaragarriak oroitarazten diguten etxeak; hilarri indoeuroparrak; konkistan zebiltzatela hemendik pasatutako mairuak. Historia eta kulturaz gozatzeko aukera paregabea.
Bidea Antzinaroan
Auritz edo Ibañetako mendatetik, lautadatik zein karrikatik mota askotako jendea pasatu izan da Goi-Paleolitotik (orain dela 30.000 urte baino gehiago) gaurregun arte.
Antropologoek diotenez, Pirinioetako eskualde honek Akitania (mendebaldeko Paleolitoaren gunea) eta Kantauriko eskualdea (koaternarioko artearen museo zabala) lotzen zituen. Horrela izan zen milaurte luzeetan, Kristo aurreko 8.000 arte; gure eskualdean paleolitiko kultura handia izan zen.
Neolitoan (Kristo aurreko 3.000tik) mendebaldeko Pirinioetako herri bat bizi zen hemen, bere kultura zeukana eta beste kultura batzuetako eragina izan zuena; herri horrek trikuharrien kultur megalitikoa praktikatu zuen (kultur megalitikoa eskualde honetakoa bakarrik ez izan arren) Kristo aurreko 1500. urte arte; artzaien bizi-leku izan zen eta horren lekuko Linduxeko trikuharria dugu, harri-zirkulu batez inguratua (Linduxetik hegoaldera 200 metrora, Aurizko dermioan); eskualdean maiz ikus ditzazkegu trikuharriak.
Talde indoeuropar hauek hilarrien aztarnak utzi dizkigute Aurizko dermioan: hainbat harrespil edo harri-zirkuluak, hilobien seinale direnak, Lindux inguruan; eta gehiago ere inguruko ibarretan.
Kristo aurreko 600. urtea arte erromanizazio prozesua nabaria izan zen Nafarroako erdi aldean eta erriberan; mendialdean berriz, eragina txikia eta apala izan zen. Eragin hori galtzadetan eman zen batez ere: Hispania eta Galia lotzen zituena, Astorgatik Bordelera.
Aurizko biztanleen bizimodua abeltzaintza izan da historiaurretik Aro Garaikidea arte; abeltzaintza izan da diru-iturri ia bakarra eta ingurugiroari hobekien egokitu dena.
Arabiarrek Iruña konkistatu zuten 717.ean eta, ondoren, Akitaniara jo zuten; 732. urte arte Pirinioetako bide hau erabili zuten, Orreagako izena oraindik erabiltzen ez zenean. Ez dakigu zer eragina izanen zuten hemendik pasatzean; bertakoek, artzaiak zirenez, oihanean izkutatuko ziren ziur aski. Arabiarrek, interesarik ez zutelako edo agian arriskuak sahiestu nahiean, ez ziren ibar hauetan gelditu.
Karlomagno hemendik pasa zen Iruñeko harresiak suntsitu ondoren, 778.eko abuztuan, eta ironiaz eta irrikaz egingo zioten bertakoek harrera eta agurra, ondoren izanen zuen sorpresa zela eta. Hemen biziko ziren gatazkan burrukatu zirenak, seguraski. Eta baliteke hurbilen bizi zirenak ere, bertze euskaldun batzuren artean, Karlomagnoren suntsipen ospetsuan laguntza ematea, gailurrean (Auritz) eta beranduago Luzaide izena hartuko zuen sakanaren maldetan izkutatuak.
Erdi Aroko azken mendeak
Gure herria lautadako lehenengoa izan zela froga dezakegu historikoki. Idazle nafartarrek diotenez eta herri tradizioaren arabera, herriaren lehenengo izena AURITZ izan zen.
1110.ean Ibañetako mendateari oraindik Auritz deitzen zioten. Horrela agertzen da baita Fortun Sanz de Yarnosek eta Ermisenda infantak Leireri egindako dohaintzan, "In portu de Auriç", nahiz eta idazketa zuzena ez izan.
Hiri hau, gaurregun Burguete izenez ezagutua, "Villa de Roncesvalles" izena izan zuen lehenengo herria da, Orreagako Hospitala eta Santutegia 1127.ean fundatu aurretik. Horrela agertzen da ere Ibarraren Historian, hor aipatzen baita "Auritz Orreagako Hospitala eta Santutegia baino lehen existitzen zela".
XII. eta XV. mendeen arteko dokumentuetan bi izenak bereizten dira: Hiri edo Orreagako Burgu edo Lautadako Burgu izenak hiriari jartzen zizkioten eta ondoren Burguete izenez ezagutuko zen. Hospital, Komentu, Monastegi, Ordena edo Santutegia gaurregungo Orreaga izendatzeko erabiltzen ziren.
Burguete izena, Burgo-tik dator eta 1476.eko dokumentu batean ageri zen lehenengo aldiz. ESPASA hiztegi entziklopedikoaren arabera "Burgo" izenaren esanahia dorre, gaztelu txikia edo defentsarako gotorleku da: grekotik dator, "pyrgós"-etik. Hiri honetan betidanik defentsarako dorre bat izan zen; herri erdian dago etxea, euskaraz Dorre izenez ezagutua, eta barnean pareta oso lodiak ditu. Erdi Aroko dokumentu askotan aipatzen da dorrea eta lautadaren defentsa edo gordetzea. Aro Modernoan Auritz gotorleku-plaza izan zen, defentsa sistema zeukana, Pirinioen alde honetatik zegoen lehenengoa.
Pelegrinazioak, Santiago Apostuluaren hilobia aurkitu zenetik -813. urtea- hasi ziren, eta gero eta ugariagoak egin ziren; XI. Mendean Santiagorako bideetan jende asko zebilen eta ostatu asko egin ziren.
Auriztik pasatzen ziren pelegrino gehienek bide handia aukeratzen bazuten ere, Bizkarret eta Errotik, bazeuden bide txikia erabili zutenak: Arrobitik Bidausi aldera eta gero Artzibar barna. Bide honetan Arrobiko zubi erromanikoa dago (gaurregungoa baino 200 metro goitiago) eta baita "Ateguren" pasabidea ere, Bidausitik, eta beste zubi bat, hau ere erromanikoa, Urrobi ibaian, Artzibarko dermioan. Bidea Arriasgoiti, Eguesibar eta Arangurendik jarraitzen du Obanos aldera, Iruñetik pasatu gabe. Bide honekin zerikusia izanen du, dudarik gabe, Hiriberriko (Artzibar) gurutzeak eta, tradizioaren arabera, Felicia Akitaniakoa pelegria eta santuaren erretiro tokia Amokainen (Eguesibar) egoteak.
Hiriko erregimena
Hiriko erregimena. XII. mendetik aurrera izaera zibileko azpiegiturak osatu ziren Nafarroan. Auritz Erroko konderrikoa zen, baina laister agertuko da Erroibartik bereiztua, berezko administrazio eta alkatearekin.
Hiria Nafarroako "hiri onen" artean agertuko da: 1291.eko azaroaren 23an Aurizko alkate, zinpekoak eta Kontzejua, Iruña, Lizarra, Tutera, etabarrekoekin eta apezpikua eta Obanoseko infanzoiekin santxete eta tornesen moneta-baliokidetasunaz eztabaidatu zuten.
Ordezkariak izan zituen gorteetan. Aro honetako beste datu batzuk. 1366ko Suen liburuan, "Roncesvalles" izeneko titulupean, hainbat datu aipatzen dira gaurregun Auritz den herriari, eta ez Orreagako hospital edo santutegiari dagozkionak, tratadista askok egin izan duten bezala. Liburu horretan 73 auzokide sudun zeudela aipatzen da.
Urte berean Du Guesclin militar famatua Auriztik pasatu zen bere konpainiarekin Enrike Trastamarakoa laguntzeko, hau bere anaia Pedro Krudelarekin burrukan ari baizen Gaztelako tronua lortzeko. 1367ko urtarrilan Galesko "Printze Beltza" ere hemendik pasa zen Pedrori laguntza emateko, eta apirilaren 13an Du Guesclini irabazi zioten Naxeran. Historiak dio bueltan Du Guesclin Roldanen gurutzearen aurrean belaunikatu zela; gurutze hau Andresaron dago, Orreaga eta Aurizko mugan. 1808an, Du Perreux margolariak eszena hori margotu zuen, eta margoan agertzen da Auritz eta, fondoan, hegoaldeko mendiak.
Carlos III.aren garaietatik ospatzen dira gure herrian azienda feriak, 1395eko datuen arabera. Sute handi batek herria suntsitu zuen 1399an, eta 124 etxe erraustu zituen. Erdi Aroko azken urteetan beaumondar eta agramondarren arteko gatazkek eragina izan zuten Auritzen, eta herria lehenengoen alde burrukatu zen, Carlos printzearen alde. Horren ondorioz, Agramont jaunak Burguko alkatearen aurkako zitazioa egin zuen (1495).
1503ko apirilaren 7an erresumako hiru estamentuek, Zangozako gorteetan bildurik, Burgu honen kasua kontuan hartu zuten erabat suntsitua izan baizen, eta erabaki zuten ordaindu behar zituen 27 koartelak barkatzea "biztanleek herrira bueltatzeko animoak har zezaten" eta guzti hori eskatu zioten erregeari.
Aro Modernoa
1512.ean Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen eta horren ondorioz Seigarren Merinaldea edo Nafarroa Beherea gure erresumatik bereiztu zen. Lurralde horietako biztanleekiko harremanak mugen aferengatik zaildu ziren , eta guzti honek eragina izan zuen Auritzen. XVI. mendetik aurrera soldaduak izan ziren Auritzen muga gordetzeko; defentsako dorrearen ordez gotorleku handiagoa eraiki zuten.
Konbentzio frantsesaren aurkako gerla (1793-1795): gerla honetan Aurizko historiaren gertakizunik tragikoena izan zen. 1794ko uztailaren 24an frantsesak iritsi ziren, hiria hartu eta erre zuten. Herri osoa suntsitu zuten, hiru etxe izan ezik, eta izandako kalteak 191.945 pesokoak izan ziren; ondoren, defentsarako gotorlekua ere suntsitu zuten. Garrau eta Baudrot militar frantsesek, Konbentzioko presidenteari igorri zioten jakinarazpenean, sutea espainolek beraiek eragin zutela erran zioten.
1794ko suntsipenaren ondoren hiria berregin zuten, baina sute bat izan zen berriro ere 1852ko azaroaren 15ean, eta hamairu etxe erre ziren.
Juan Prim generalak, batzuk asko estimatzen zutena eta beste batzuk jazartzen zutena, Auritzera iritsi zen 1868an eta Ciriaco Oyarbideren etxean gelditu zen; litografia bat dedikatu zion bere harrera ona eskertzeko.
Gatazka bukatu eta gero beraren alde burrukatu zuten batailoiak saiatu ziren muga pasatzen, Orreaga eta Orbaitzetatik.
1876ko otsailaren 26an Carlos VII.a iritsi zen Auritzera bere Estatu Nagusia eta hainbat generalekin; Espainian pasatu zuen azken gauan Txiki-Polit etxean lo egin zuen.
XIX. Mendearen bukaeran eliza eta bi etxe erre ziren; 1910eko urriaren 16an, Iñarrearen ezkontza egunean botatako suziri batek, hamaika etxeren sutea eragin zuen.
Etxeetako olazko teilatuek eta sabaietan bildutako belarrek sua errez hartzen zuten, eta hori izan zen aipatu ditugun azken suteen zergatia.