Eguraldia | castellano | 2012ko maiatzaren 18a
aquí esta la fechaHistorikoki frogatu izan da gaurregun Burguete izena duen herria Roncesvalles deitua izan zela, "villa o burgo de Roncesvalles", gaurko Roncesvalles baino lehen eta XV. menderarte. Roncesvalles abizena herri honetakoa da. (Burguete). Atienzaren Hiztegian irakur daiteke Roncesvalles abizenak, nafarra, Valladolideko kantzelaritzan noblezia frogatu zuela. Harmarriak bi koartel ditu: lehenengoa urre kolorekoa eta inguruan gorri kolorea; bigarren koartelak 4 zati ditu: lehenengoa gorria eta urre koloreko gaztelua, bigarrena eta hirugarrena zilar kolorekoak eta otso beltz bana eta laugarrena zilar kolorekoa eta zuhaitz berdea; bi koartelak banatuz gurutze bat, zilar eta gorri kolorekoa.
Abizen hau zuten pertsonen artean hauek aipatuko ditugu hemen:
Pedro Periz de Roncesvalles: notaria (1353) eta Zangozako atariko giltzaria.
Nikolas de Roncesvalles: Iruñeko bizilaguna eta baita zinpekoa ere 1366an, erregearen familia hornitzen zuen merkataria.
Garcia de Roncesvalles: Iratxeko Monastegiko abadea 1390etik eta baita erregearen kontseilaria ere.
Garcia Lopez de Roncesvalles: errege-diruzaina urte askotan, Carlos III-ak izendatu zuenetik, 1403ko abenduaren 4an.
Salvador de Roncesvalles: merkataria, erregina eta haren alabak arropaz hornitzen zituen (1405), geroago zinpeko izan zen, Tafallako gorteetan ordezkari izan zen eta baita erregearen zigilu-zaina ere.
Martin Ximenez de Roncesvalles: dekretu-batxillerra, 1406tik gorteetako abokatua eta errege kontseilaria; 1415ean Herriberriko gorteetara joan zen, abokatu gisa.
Nicolau de Roncesvalles: Aita Santua bisitatu zuen 1410ean, erregeak eskatuta, Siciliako erreginarekin zituen negozio batzuengatik; Bartzelonako errege familiarentzako urrezko gurutze bat erosi zuen; apostulu-kamerako batxiller eta klerigoa, Biziereseko artzedianoa, Iruñeko apezpikuaren administraria eta bazituen ondasunak Erron. Siziliako erregina, Nafarroako Blanka, Bartzelonara eta Tarragonara etorri zenean, hara joan zen Lopez de Roncesvallesekin, erregearen zerbitzuko kapare-zaldun eta armaduna.
Garcia Martinez de Roncesvalles: herri honetako alkate, 1422an gorteetako ordezkari izan zen Carlos infantea zinpetzeko.
Miguel Garcia de Roncesvalles: Iruñeko karrika Nagusiko zinpeko, hiri horretako auzoen batasuna eta pakea lortzeko egindako bileretan parte hartu zuen (1422).
Huarteren Nobiliario del Reino de Navarra liburutik datu hauek atera ditugu: Kalagorriko Juan Gonzalez de Roncesvalles "noblezia titulua" eman zioten 1586an; bere arbasoek errespetatuak izan ziren kapare izateagatik.
Burguete abizena jatorriz herri honetakoa da. 1586an Pedro eta Salvador de Burguete aurkitzen ditugu, Perikorena etxekoak. Abizen honen harmarriaren zati bat herrikoarena bezalakoa da: zilar kolorekoa, zuhaitz berdea eta orien bat.
1622an Pedro Burguete Karabantxelen (Madril) bizi izan zen eta kapare zen.
XV. mendetik aurrera bazegoen Auritzen Bergara abizena, Gipuzkoakoa. Bergaratarren harmarriak bost koartel ditu: lehenengoan ipar-belea, bigarrenean bi otso, hirugarrenean hiru marra koskoldunak, laugarrenean basapiztia eta bosgarrenean zortzi marra. Harmarria gaurregun Pedroarena deitzen den etxean dago.
1616an Pedro de Bergara Auritz eta Aezkoako epaitegietako notari-eskribaua izan zen, eta baita Orreagako kabildoarena ere.
Martin Irigoien de Azparren, auriztarra, 1617tik aitzina Orreagako benefizioduna eta musika-maisua izan zen; Espainiako eta elizbarrutiko besten egutegi liturgiko orokorra argitaratu zuen.
Jeronimo Oroz, auriztarra, zuzenbide ikasketetan graduatu zen Valladolideko Unibertsitatean; unibertsitate horren irakasle izan zen; beranduago kantzelaritzako epaia izan zen eta baita Gaztelako kontseilariaren alkate ere. Bost liburutan Zuzenbide Zibileko lana argitaratu zuen, bere garaian oso estimatua izan zena. Madrilen hil zen 1666an.
Auritzen Simon de Oroz aurkitu dugu 1262an, eta abizen hori izan zuten beste batzuk ere; baina Jeronimo eta bere familia Oroz jauregikoen oinordekoak izan ziren, haren anai bat, Martin, Aurizko bizilaguna, jauregi horren jabea izan baizen 1645ean.
Pedro Iriarte lizenziatua, Aurizko Iriarte etxekoa, kaparetasun titulua lortu zuen an. Haren harmarrian elementu hauek agertzen dira: bi basurde eta bi zuhaitz, hiru lis-lore, ilargi erdia eta xake jokoa. Garate etxeko aurrealdean dago.
Aurizko Ochoatarrak, kapareak, Otsagitik etorri ziren; horien artean Fernando Ochoa nabarmendu zen (1780). Harmarria: atzealde gorria, eta, haren gainean, otso beltza urre koloreko atzazkalduna ahoan bildots bat daramana.
J. Ramon de Gurpide, Aurizko bizilaguna, Orbaitzetako Gurpide etxekoa (1776). Harmarria: atzealde horia gorri kolorez inguratua eta gainean zuhaitz berdea eta basurde beltza. A. Irigarairen etxeko aurrealdean dago.
Jauregitarrak, Aurizko bizilagunak (1781), Gorrititik etorriak; kaparetasun eta harmarria zuten. Harmarriak zortzi zati ditu: 1. eta 4. apaingabeak; 2. eta 3.ean bost bihotz; lau zati horiek zeharkatzen dituen zerrenda eta horren erdian gaztelu bat; 5. eta 8.ean zuhaitz eta otso bana; 6. eta 7.ean goitik beherako zerrendak. Egundoko harmarri hau Alkorta etxeko aurrealdean dago.
Aurizko Gracian Azanza (1792).Abizen hori Agoitz, Balentzia, eta beste lekuetara zabaldu zen. Harmarria lau zatitan banatua dago eta zati bakoitza herri desberdinetatik etorritako kapareei dagokie: lehenengoan antzara bat, Azanzatik; bigarrenean txebiroi bat eta hiru katazuri ,Nabarlazetik (Luzaide); hirugarrenean, gurutze bat, bi eltze eta lisloreko gurutzea, Alegitik; laugarrenean, hiru otso eta hiru lislore, Eguestik. Miguel Jose Azanza (1746), Agoitzen jaioa, etxe honetako oinordekoa, Espainiako gerlako eta ogasuneko ministroa izan zen, erregeorde Mexikon eta baita estatuko ministroa ere. Bordelen hil zen (1826).
Auritzen jaiotako beste pertsona ospetsuen artean Hilario Sarasa aipatuko dugu, Orreagako kontalari eta administratzaile. 1878an "Reseña histórica de Roncesvalles" liburua argitaratu zuen eta horri esker Historiako Errege Akademiako Titulua jaso zuen; eman zioten urrezko ardilarrua Orreagako altxorrari eman zion.
Francisco Polit eta Nicolas Polit, Txiki-Polit etxekoak, Orreagako prioreak izan ziren (1866-1906). Lehenengoari egoera zaila egokitu zitzaion, gerla ondoren (1873) Orreaga konpondu behar izan zuelako. Nikolas ekimen handikoa izan zen. Bera priore izan zenean Antso Azkarraren irudia jarri zen, San Agustin kapera errege panteoia izateko moldatu zen eta, beste eraikin batzuen artean, kolegiata-etxearen hirugarren zatia eraiki zuen; bere garaian bi erromesaldi bikain egin ziren, 1899an eta 1904an. Bere jaiotetxean, kolegiatako zenbait ikur daude, hala nola Ama Birjinaren irudia, turuta-adarra eta Ordenako makulu-gurutzea duen mailu-zartailua.
Simon Urrutia, nahiz eta Aurizberrikoa izan, Aurizko apaiza izan zen berrogeita hamar urte luzeetan. Humila eta irudimen handikoa, eta aldi berean adoretsua. Bera izan zen Orreagako Patronatoak izendatu zuen azkena, 1893an. 1945ean hil zen.
Fermin Irigarai, Zirujau ospetsua eta Nafarroako Hospitaleko zuzendaria 1935a arte. Oso mediku ona izateaz gain tratu ezin hobea ematen zien gaixoei. Oso ospetsua izan zen bere liburu bat, "Guia Medica del interprete de milagros y favores", zeinean Marañonek hitzaurrea idatzi baizuen. Eta are ospetsuago euskaraz egindako argitalpenengatik, Larreko goitizenez; Lafitteren ustez parekorik gabeko euskal idazlea izan zen. 1972an omenaldia egin zitzaion Auritzen.