Auriztik Iruñeko norabidean Donejakue Bidea hartu ezkero Aurizberrira iritsiko gara. Nahikoa da Donejakue Bidea seinalatzen duten gezi horiei jarraitzea Aurizberrira iristeko.
Hemen proposatzen ditugun ibilaldietatik motzena, errezena eta lauena da. Bide honek lautadaren ekialdean dagoen bizkarra zeharkatzen du. Oso deigarria da Aezkoa eta Aurizko paisaien arteko aldea: Aezkoa aldetik oihanak eta pentzeak mendiko kaskoetaraino iristen dira, eta horietako zenbaitetan harri koskorrak daude; Auritz lautada batean dago eta, horretan, berde kolorea nabarmentzen da.
Ibilbide honek Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroa zeharkatzen du, Ibañetako gaina eta Ataloztiko lepoaren artean; antzinean hori zen Aldude eta Auritz elkartzen zituen bidea.
Ibilbide hau mendiz inguratua dago; mendi horiek, nahiz eta altuera txikikoak izan, ikusgarriak dira Aurizko lautadaren aldean. Horien artean Menditxuri nabarmentzen da eta haren izena udaberrian maiz elurra gordetzen duelako datorkio.
Ibilbide honek Orbaitzetako Ola funtzionatzen zuen garaian erbailtzen zen bidea zeharkatzen du. Bide horretatik burnia garraiatzen zuten, zalgurdiz. Ez dago malda handirik eta pentzeak, pagadiak, bazkalekuak eta landatutako pinuak ikusiko ditugu. Interesgarria da ola zaharra ikusteko bisitaldia.
Ibilbide honek bi zati ditu: lehenengoan igoera luzea, Ortzanzurietako gaineraino eta handik Lepoederreraino; bigarren zatian, Donibane-Garazitik datorren Donejakue bideari jarraituko diogu, Orreagaraino iritsi arte.
Ibilbide luzea, behin igo ezkero ez du malda handirik; Kantauri-Mediterraneo uren banalerroaren zati handi bat zeharkatzen du. Goiko zelaietatik paisaia ikusteko aukera paregabea izango dugu, Iratitik Baztan alderaino eta, batez ere, Aldude.