Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Formakuntza Plana – GuPirinioa

PIRINIOKO PLANAK-GUPIRINIOAK BERE FORMAKUNTZA PLAN BERRIA AURKEZTEN DU

Pirinioetako Planak apirilean abiaraziko du bere prestakuntza programa, Nafarroako Pirinioetako biztanle guztiei eskainia. Programaren xedea da bertako jendeak gai askotako ezaupide eta trebeziak lortzea beren etxeetatik urrutira joan beharrik izan gabe.

Horrela, Planak antolatu duen eskaintza bost prestakuntza arlotan dago banatuta: EkinPirinioa, HaziPirinioa, SormenPirinioa, ZainduPirinioa eta LandaPirinioa. Arlo horietako bakoitzak gai desberdinetako ikastaroak ditu bere barruan: artea, ekintzailetza, lehen sektorea, osasuna eta zerbitzuak, ostalaritza eta turismoa, politika, etxebizitza…

Prestakuntza hiruhilekoetan antolatu eta argitaratuko da, eta hurrengo apirilean hasiko da. 2021eko bigarren hiruhilekorako, honako ikastaro hauek prestatu dira: Komunikazioa, marketin digitala, web garapena eta online merkataritza; Udalgintza eraldatzaileko esperientziak, eta Tramitazio telematikoa.

“Komunikazioa, marketin digitala, web garapena eta online merkataritza” ikastaroa Ana Cortaire marketin digitaleko prestatzaile eta aholkulariak emanen du. Ikastaroak ikuspegi orokor bat emanez erakutsiko du sareak eta webguneak tresna egokiak direla online salmentarako eta negozio bat garatzeko. Prestakuntza-jarduera honen hartzaileak dira autonomo, enpresa eta elkarteak, beren jarduerei bultzada eman nahi dietenak sareko baliabideak ezagutu eta erabilita.

“Udalgintza eraldatzaileko esperientziak” izeneko prestakuntza-jarduera udal, batzorde eta kontzejuetako hautetsiendako da. Tokiko sektorearen antolaketa eta funtzionamendua aztertuko dira, haren eskumen eta eginkizunak; baita ordenantza eta erregelamenduak ere. Gai konplexu batzuk ere landuko dira, hala nola administrazio horietako kontratazio-prozedurak, toki-ogasunen funtzionamendua, aurrekontuak eta kontabilitatea. Ikastaroa Asun Nietok eta Fermín Cabasések zuzenduko dute, zeinak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoak baitira (NUKF).

Azkenik, tramitazio telematikoari buruzko saioetan Lorea Jamar, CedernaGaralur tokiko ekintza taldekoa, izanen da irakaslea. Adineko jendearendako da ikastaro hori, eta administrazioekin tramite digitalak egiteko ezaupideak eman nahi dizkie. Prestakuntza-saio horietan parte hartu ahal izateko, informatikako oinarrizko ezagutza izan beharko da.

Ikastaroa aurrez aurrekoa izanen da, baina COVID19aren ondorioz jende kopurua mugatua izanen da eta, horregatik, izen-emateen hurrenkerari jarraikiko zaio jendea hartzerakoan. Bestalde, parte-hartzaileek ordenagailu eramangarria eduki beharko dute komunikazio eta marketinaren eta tramitazio telematikoaren ikastaroetan aritu ahal izateko.

Martxoaren 25etik apirilaren 12ra bitarte ematen ahalko da izena, telefonoz (647699366 tel.) edo Pirinioetako Planaren webgunearen bidez, https://www.gupirinioa.eus/zerbitzuak

TOKIAK ETA DATAK

IKASTAROA TOKIA DATA ORDUA
Komunikazioa eta marketina Auritz Apirilak 13, maiatzak 3 eta ekainak 2 16:00 – 20:00
Otsagabia Apirilak 14, maiatzak 4 eta ekainak 3 16:00 – 20:00
Udalerrietako esperientzia eraldatzaileak Auritz Apirilak 20 18:00 – 20:30
Burgui Apirilak 27 18:00 – 20:30
Ezkaroze Maiatzak 11 10:00 – 12:30
Tramitazio telematikoa Burgi Apirilak 27 eta maiatzak 11 17:30 – 19:30
Izize Apirilak 27 eta maiatzak 6 17:30 – 19:30
Aribe Apirilak 27 eta maiatzak 4 17:30 – 19:30

Ikastaroak leku ezberdinetan errepikatuko direnez, izena leku bakar batean eman beharko da

Share